XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Moralaren kontu horrek badu bere garrantzia. Izan ere, Fidelek, aurkarien etsipenaz jabetuta, ondorengo egunetan maisutasunez mugitu zituen gerra psikologikoaren hariak: ofentsibari ekingo ziotela iragarri zien aurkariei, eta baita zein egunetan hasiko ziren ere.

Haien morala kolpatzea zen estrategiaren funtsa. Gainerakoan, Fidelen plana oso arriskutsua zen. Castrok hiru zutabe nagusi eratu gura zituen: bata, Cienfuegos buru zuela Pinar del Río inguruaz (Kuba mendebaldean) jabetzen saiatuko zena; bigarrena, Santiago (ekialdean) helburu izango zuena; eta hirugarrenaren xedea, azkenik, Las Villas ingurua (erdialdean) menpean hartzea izango zen, era horretan uhartea bitan zatituta utzi eta Sierra Maestrakoei arnasa apur bat hartzeko beta emanaz. Che izendatu zuen Fidelek hirugarren zutabe horren buru.

Ez zen batere eginkizun erraza Guevarak esku artean zeukana. Hasiera hasieratik izan zituen zailtasunak, jendea nekez apuntatu baitzitzaion boluntario modura; izan ere, guajiroek (baserritarrek) ez zuten lautadara jaitsi gura, arrotz zitzaien-eta paraje hura.